lunes, 20 de julio de 2015

AHT-eko tuneleko uholdeak Zizurkil-Andoain zatian

En castellano: http://eguzki.org/es/2015/07/15/aht-eko-tuneleko-uholdeak-zizurkil-andoain-zatian/
Uztailak 9an istripu bat izan zen AHT-eko obretan Zizurkil eta Andoainen artean. Ondorioz, eraikitzen ari diren tunel bat urez bete zen eta langileak bertatik atera behar izan zituzten, lanak bertan behera utziz.
Gisa honetako gertaera baten aurrean, langilerik ez zela zauritu aipatzea azpimarragarria da, batik bat, AHT-eko lanetan hainbat langile hil direlako. Berri agentziek diotenez, lanei berriro ekitea ez da segurua izango ur emaria txikitu bitartean, zeina 400 m3/h izatera iritsi omen da.
Oraindik inon ez da aipatu inguru horretan izandako ur galerak izan dituen kalteak zeintzuk izan diren. Gainera, ez gaituzte jakinaren gainean jarri ea ur horren jatorria erreka batekoa zen, iturburu batekoa edo metatutako ura zen; eta zer esanik ez egun nahiz etorkizunean eragin ditzakeen kalteez edo eraginez!. Iturriren bat desagertuko al da? Ekosistemaren oreka apurtuko al da ura galdu ondoren? Inguru horretako izaki bizidun batzuk (landareak, intsektuak…) desagertuko al dira? Bioaniztasuna murriztuko al da?
Zertarako egingo ditugu galdera hauek, obraren proiektuan edo ingurunearen kalteen azterketan aurreikusita ez baldin badaude? Baimen guztiak badituzte eta horrekin nahikoa da. Argi dago erakunde batzuei edo/eta pertsona batzuei, gertaera hauek obren atzerapenarekin bakarrik lotzea interesatzen zaiela.

Egoera honen aurrean, Eguzkitik zenbait gauza gogorarazi nahi ditugu:
-Ingurunearen kalteen azterketaren arabera, AHT-aren Zizurkil-Andoain zatia sentikorrenetako eta konplexuenetako bat da, hala ingurumen ikuspegitik, nola teknikotik.
-Hori egitura geologikoaren (gune karstikoa) konplexutasunari eta honen ezagutza urriari zor zaio.
-Ondorioz, Andoaingo udalak mozio bat onartu zuen 2002aren amaieran edo 2003aren hasieran, gune horren azterketa sakona egiteko konpromisoa hartuz eta obraren benetako eraginak ezagutzeko helburuarekin. Udal agintarien aldaketak, ordea, erabaki hori ezerezean utzi zuen.
-Duela hilabete batzuk, Asteasun, istripuaren lekutik nahiko gertu, AHT-aren obrek bi errekasto lehortu zituzten.
Gertaera hauetatik baieztatu daiteke AHT-aren eraikuntzak ingurunearen gaineko azterketetan aurreikusita baino kalte gehiago eragiten ari dela eta noski kalte hauek dakartzaten ondorioak ez dira ikertzen, ez bakarrik inguruneari buruzkoak, baita inguru horretako uholde arriskuari dagokionean. Adibidez, inguru horretan gertatutako uholdeak ez direla ikertuko dirudi. Ez dugu esan nahi AHT-ko obrek uholdeak eragiten dituztela baina uholdeak gertatzeko arriskua handitzearen arrazoietako bat izan daiteke.
Beste behin ere, AHT-ak/ Y-ak dirua alferrik galtzeko balio duela adierazten dugu, berez justifika ezin den egitasmoa izateaz gain, ingurune naturala edo abeltzainen lurrak suntsitzeko nahiz pertsonen bizi kalitatea okertzeko baino ez duela balio. Eta dena zertarako? Urrearen prezioan, 10 edo 15 minutu aurrezteko.
Eguzki, 2015eko uztaila

0 comentarios:

Publicar un comentario