jueves, 7 de abril de 2016

Errekabeltzeko saneamenduan atzerapen berria salatu du Eguzkik

EN CASTELLANO:
http://eguzki.org/es/2016/04/05/errekabeltzeko-saneamenduan-atzerapen-berria-salatu-du-eguzkik/ 

Lan gehienak 2022-2027ra arte ez egitea aurreikusten du Plan Hidrologikoak


Ziako errekako edo Errekabeltzeko saneamendua berriro atzeratu dela salatu du Eguzkik. Atzerapena hamarkada batekoa ere izan daiteke, gainera. Izan ere, Plan Hidrologiko berriak Erekabeltzerako lan gehienak 2022-2027ra arte ez egitea aurreikusten du.

Kontuan izan, 2007an, erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko komenio bat sinatu zutela eta lan horietatik bat Ziako errekakoa zela. Beraz, oraingo hau ez da inola ere lehen atzerapena. Orduan, 2007an, aurrekontua 3,8 milioi eurokoa zen, Eusko Jaurlaritzak Ura Agentziaren bidez ordaindu beharrekoa. Gaur egun, berriz, aurrekontua 5 milioi eurokoa da. Plan Hidrologiko berriak diru horretatik milioi bat 2016-2021eko epean inbertitzea aurreikusten du, eta gainerako lauak, hau da, lan gehien-gehienak, 2022-2027koan.

Beraz, Eusko Jaurlaritzari 2007an hartutako konpromisoa lehenago betetzera ezerk bultz egiten ez badio, Ziako errekako ur zikinak Oriara zuzen-zuzenean isurtzen jarraituko du beste hamar urtez, behintzat. Eta ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak, Ziako errekak Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kale Txiki, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu. Izan ere, Adunako araztegia 2013an martxan hasi zenez geroztik, Errekabeltzekoa ez da Andoainen konpondu gabe geratu den saneamendu-arazo bakarra, baina bai larriena.


Glamour gutxiko proiektuak, baina ezinbestekoak
Egia da Oriako saneamendua aurrera doala, baina hori bezain egia da atzerapena izugarri handia dela. Adibide garbi bat: Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Intertzeptorea, aipatutako bi herri horien saneamendua ahalbidetzen duena, martxan hasi berri da; bada, Europako Saneamendu Zuzentarauaren arabera, Lasarte-Oriak eta Usurbilek beranduenez 2000. urtean utzi behar zioten ur zikinak Oriara botatzeari.

Asko eta asko dira oraindik Oriara zuzen-zuzenean doazen ur zikinak. Plan Hidrologiko berriak agerian uzten du asko direla oraindik egiteko dauden saneamendu-proiektuak. Proiektuok, oro har, atzerapen handia pilatu dute, eta okerrena da, zenbait kasutan, behintzat, ez dela aurrikusten epe laburrean edo ertainean ere helduko zaienik. Are gehiago, Planak berak 2027 baino lehen egingo ez diren hainbat proiektu ere zerrendatzen ditu.

Plan Hidrologiko berrian errepikatzen den ideia bat hauxe da: egiteko dauden proiektuak egiten joango dira aurrekontu publikoek ahalbidetzen duten neurrian. Baina erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, saneamendu-proiektuetara behar beste diru bideratzen ez badute, beste lehentasunak dituztelako izango da, beharbada proiektu “estrategikoagoak”. Saneamendu-proiektuak oinarri-oinarrizkoak bai, baina “estrategikoak” ez omen dira, eta ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak.

0 comentarios:

Publicar un comentario