miércoles, 27 de julio de 2016

Oriako legartzen garrantzi ekologikoaz ohartarazi du Eguzkik / Eguzki pone de manifiesto la importancia ecológica de las graveras del Oria



Para leer en castellano: 

Uharriz osatutako gune hauek hegaztien kumatze-garaian seinaleztatzeko eskatu dio talde ekologistak Foru Aldundiari 

Oriak Tolosa parean osatu dituen legartzak hegaztien kumatze-garaian seinaleztatzeko eta mugatzeko eskatu dio Eguzkik Foru Aldundiari. Helburua da eragoztea arrantzaleak, piraguistak edo ibaiaren beste erabiltzaileak behar baino gehiago hurbiltzea eta, konturatu gabe ere, habiak gune hauetan egin ohi dituzten hegaztien txitaldiak galaraztea. 


Hegazti hauetako bat txirritxo txikia da (Charadirus dubius), “interes bereziko” eta espezie “kaltebera” gisa katalogatuta dagoena. Orian arraroa bada ere, azken urteotan Tolosako legartzetan kumatu du. Hain justu, aurten txirritxo-habi bat arriskuan jarri duen egoera batek bultz egin dio Eguzkiri legartzak mugatzeko eskatzera. 

Txirritxo txikia ez da Tolosako legartzetan dabilen espezie arraro bakarra. Izan ere, dortoka korrontezalea ere (Mauremys leprosa) hor dago. Oriako parte honetan, aurten ikusi ahal izan da lehen aldiz espezie hau, txirritxo bezala “kaltebera” gisa katalogatuta dagoena. Eguzkik Foru Aldundiari eskatu dio basozainek espezie hauen segimendu bat egiteko, beraien biziraupena errazte aldera. 

Espezie hauen presentzia ingurumenaren kalitate-adierazletzat jo daiteke, eta Oriak azken hamarkadotan onerako ezagutu duen aldaketaren sintoma ere bada. Eguzkiren ustez, “oraindik egiteko asko dago, jakina, esaterako, gero eta atzerapen handiagoa pilatzen duen sanemendu-sarea behingoz osatzea edo fauna piszikolari hainbesteko kalte egiten dioten presak desagertaraztea, baina, zorionez, bizitza berpizten da ibaietan aukera txikiena eman bezain pronto, eta horren lekuko garbia da Tolosako kasu hau”. 

Kontuz “garbiketa” eta dragatuekin! 

Txirritxo txikiaren eta dortoka korrontezalearen presentziak hainbati gogoeta eginarazi beharko liekeela ere uste dute ekologistek. Izan ere, haien iritziz, “Tolosan badira hainbat herritar Orian sastraka eta zikinkeria baino ikusten ez dutenak, eta ibaia lehenbailehen ‘garbitzen’ eta kanal huts bat balitz bezala uzten tematuta daudenak”. Honen aurrean, zera diote: “Behar bestetan errepikatuko dugu: gauza bat da ibaia garbitzea eta beste bat, oso bestelakoa, bertan dagoen bizitza itotzea. Ibaia garbitzen da gizakiak bototako zikinkeriak kentzen (zirkulazio-seinaleak, erosketa-karrotxoak, era guztietako plastikoak…) eta landare inbaditzaileak erauzten (fallopia, buddleja...). Baina horiek ez ezik berez sortzen den bertako landaretza ere kentzen badugu, ez gara garbitzen ariko, bizitza itotzen baizik. Izan ere, berezko landaretza honek ibaiari arnasa hartzen laguntzen dio, ura freskatzen du eta, gainera, hainbat espezieri elikatzeko zein kumatzeko aterpe eskaintzen die. Harriei dagokienez, arrazoibide berberak balio du: gauza bat da han eta hemen botatako eraikuntza-hondakinak kentzea eta beste bat, oso bestelakoa, ibaiak berak garraiatu eta leku jakin batean utzi dituen uharriak zikinkeriaren edo uholdeen aitzakian dragatzea; jakinik, gainera, dragatze horrek uste baino lehen ez duela ezertarako ere balio izango”. 
“Oso atzean geratu da orain dela hogeita hamar bat urte ezagutu genuen Oria hura, paper-fabriken apar ikusgarria ezaugarri nagusi zuena. Ibaiak hobera egin du, nabarmen. Honek berak pizgarri izan beharko luke Udalak, Foru Aldundiak, Ura Agentziak eta, oro har, herritar guztiok, ibaian jardun behar dugunean, ahalik eta modurik txukunenean egin dezagun”, esan dute Eguzkikoek. 


EGUZKI 2016eko uztailean

0 comentarios:

Publicar un comentario