sábado, 13 de mayo de 2017

Isurketa Orian, Zizurkil eta Villabona parean


Oria ibaiak isurketa bat jasan du Asteasu erreka Oriaratzen den lekuan,  Zizurkil eta Amasa-Villabona artean. Guk astea aurrera joan ahala jakin badugu ere, isurketa astelehenean  gertatu zen.

Jakin dugunez, isurketa kaltzio karbonatozkoa (CaCO3) izan da zeina gai oso ohikoa den paper fabriketan, papera leundu eta sendotasuna emateko. Gai arriskutsua gerta daiteke kontzentrazioaren arabera, kasu honetan ez dirudielarik arrainak hil duenik.



Jakin orduko, harremanetan jarri gara Ura agentzia eta beste zenbait instituzioekin. Egun ziurtatzeko moduan gaude Oriako paper fabrikatik (Papelera del Oria) egin dela isurketa, dirudienez balbula batek huts egin dielako.

Ikusgarria izan bada ere, zorionez gertakari oso larrian ez dela izan dirudi. Hala ere, Eguzkikook adi jarraituko dugu gaia zertan bukatzen den jakiteko eta egoerak hala eskatuko balu, beharrezko neurriak martxan  jartzea eskatzeko.

Dena dela, gertakari honek argi uzten du, enpresa hau eta bere gisakoak, hau da, aspaldian eraikitakoak eta gai kutsakorrak egunerokotasunean behar dituztenak, ez dutela behar bezalako azpiegitura halako arazoei (enpresaren bertsioaren arabera) aurre egiteko. Horregatik enpresari berari halako egoerak edo larriagoak errepika ez daitezen beharrezko neurriak lehen bai lehen hartzea eskatzen diogu. Ura agentziari berriz, egoera bertsuan dauden enpresa edo lantegiei beharrezko prebentzio neurriak eskatzea, exijitzea fauna eta landarediaren, hala nola ura naiz ibaien kalitatea bermatzea.


Bukatzeko, herritarrei ere, halako gertakarien aurrean ahalik eta azkarren abisua emateko eskatzen diogu, isurketa gertatzen den unean laginak hartzen ez badira kasu askotan oso zaila baita jakitea nor izan den arduraduna. Horretarako 112 telefonora, Ertzaintzara (Ingurumen sail bat dauka), Udlatzain edo talde ekologistongana jo dezakete.

0 comentarios:

Publicar un comentario